AMAIA ELIZARAN ETA MYSTÉRIEUSES COIFFURES KONPAINIAK DIRA, KALEKO ARTE ESZENIKOEI LAGUNTZEKO KARRIKAN PLATAFORMAREN BIGARREN DEIALDIAREN IRABAZLEAK

Karrikan 2016an sortu zen, Pirinioen alde bietan kaleko arte eszenikoen sorkuntzak bultzatzeko eta laguntzeko helburuz.

Une honetan, Bilboko, Gasteizko, Iruñeko, Hendaiako eta Libourneko udalek, Euskal Herriko mankomunitateak-Hamekak eta Quiero Teatro antzerki sustatzaileak osatzen dute.

Amaia Elizaranen Block dantza garaikide pieza, eta Mystérieuses Coiffures konpainiaren La leyenda del hombre pájaro ipuin onirikoa izan dira Karrikanen, kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen eta Bilboko Udalaren partaidetza duen plataformaren, bigarren ediziora aurkeztu diren 20 proiektuen artean aukeratutakoak. Bi lan horiek izan dira Karrikaneko kideek gehien baloratu dituztenak, originaltasuna, planteamendu artistiko exijentzia eta proiektuen bideragarritasuna direla eta.

Karrikan, Bilboko, Gasteizko, Iruñeko, Hendaiako eta Libourneko udalek, Euskal Herriko mankomunitateak-Hamekak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak osatutako plataforma da, eta Pirinioen alde bietan kaleko eszena-arte sorkuntzak bultzatzea eta laguntzea du helburu. Bazkide laguntzaileen artean Arrigorriagako, Iurretako eta Zarauzko udalak daude. Karrikanek Akitania-Euskadi-Nafarroa euro-eskualdearekin hitzarmena izenpetu du, Pirinioetako alde bietako eragileen artean lankidetza-proiektuak sustatu eta eskualdeen arteko harremanak sendotzeko, eta bertako garapena laguntzeko jarduerak egiteko.

Bi konpainiei emango zaien laguntza hau izango da: 24.000 euroko laguntza ekonomiko osoa –bien artean–; sorkuntzako hiru egoitzatan asistentzia; eta programazioa Hendaiako Mai du théatre, Gasteizko KaldeArte, Bilboko Kalealdia, Libourneko Fest’Arts, Iruñeko Festival de la Murallan, Kaleko Arteen Hameka Lantegiko Abian!, Arrigorriagako Clown Jaialdia, Iurretako Kalez Kale eta Zarauzko Kalerki jaialdietan. Horrez gain, konpainien beharretara egokitutako administrazio aholkularitza ere izango dute.

Aukeratutako proiektuei dagokienez, Block bi emakumeren dantza ikuskizuna da, Amaia Elizaran bera eta Leire Otamendi. Gorputzaren bitartez erlazionatzen dira, elkarren artean kontrajarrita dauden blokeatze indarrak sortuz, erresistentzia horietan oinarritutako lengoaia eraikitzeko etengabeko helburuarekin. La leyenda del hombre pájaro lanari dagokionez, Christophe Pavia artista eta Mélanie Spettel antzezle eta dantzaria elkartuko ditu, gizon-txoria jaioko den habia handian zentratuko den oso pieza ikusgarrian. Bi ikuskizunen sorkuntza prozesua maiatzera arte luzatuko du, Karrikanek eskainitako zenbait arte egoitzatan. Estreinaldia 2018ko maiatzaren erdialderako aurreikusten da, Hendaiako Mai du théatre jaialdian.

Karrikanen hirugarren edizioa udaberrian deituko dute berriro, Euskal Herrian instalatu eta espazio publikoan jardun eta sortzen ari diren edo profesionalizatzeko bidean dauden talde, artista eta konpainien sorkuntza originalak laguntzeko helburu garbiarekin. Zuzeneko ikuskizunen diziplinak oro onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, hainbat diziplina nahasten dituztenak eta abar, testurik gabeko edo euskarazko proiektuei lehentasuna emanez.

Euskal Herrian kaleko arteen egoeraren ikuspegi bateratua eman nahi du Karrikanek, egoera horretan azaltzen baita kaleko arteetan sorkuntzaren aldeko laguntza gehiago behar direla, bereziki sortzen ari diren konpainia edo artistentzako, eta horrela osatu nahi dira alor horretan dagoeneko dauden laguntzak.